GUGAZ SOLIDARIOA PROIEKTUA
– Gandiol, Senegal –
Urtetan ElikaGüre tokiko proiektuarentzako funtsak biltzeko helburuz hainbat ekintzatan kolaboratu ondoren, Güeñesko gazte-zerbitzuak (Gugaz) ekimen horri heldu zion berriro 2017an, garapen-bidean dagoen herrialde bateko proiektu solidario batean aktiboki laguntzeko xedez.
Saharan, Nikaraguan, Guatemalan eta El Salvadorren proiektuak gauzatu ondoren, Hondurasera kooperanteak bidaltzeaz gain, Gugazek lan solidario horri ekin zion berriro, eta “Hahatay” elkartearekin ezarri zuen lankidetza, zeinak Gandiol herrian (Saint Louis eskualdean, Senegaleko kostalde atlantikoko iparraldean) lan egiten duen

“Hahatay, sonrisas de Gandiol” irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta garapenerako lankidetzaren alde lan egiten du Senegal eta Espainia artean. “Hahatay” hitzak barre-algara esan nahi du, hango haurrek etengabe egiten dutena, egunerokoan pairatzen dituzten zailtasunak gorabehera.
Elkartea sortu zen Mamadou Dia idazle senegaldarrak “3052. Persiguiendo un sueño” liburua argitaratu eta merkatura atera zuenean: hortik abiatuta sortu zuen idazleak elkartea. Duela pare bat urte, gure artean izan genuen, “Gugaz Bidaiatzen 2015” hitzaldi ibiltarien zikloaren baitan, eta Europarako bidaian sufritu zituen lazeriak partekatu zituen gurekin, bai eta bidaiak zenbateraino aldatu zion bizitza ere.
2012tik, elkarteak hiru jarduketa-lerro lantzen ditu: tokiko garapen jasangarria, migrazioa eta boluntariotza. Hahatay, oinarrian, pertsonen arteko trukerako eta amets kolektiboak eraikitzeko espazioa da, eta gauzak egiteko beste modu bat badagoela uste duten pertsona guztien partaidetzara irekita dago.
Gugaz Solidarioa proiektua, 2020 – Gandiol, Senegal
“Gugaz Solidarioa, 2020: Gandiol, Senegal” proiektuak aurrera jarraitzen du laugarren urtez jarraian. Urte natural osoan zehar, funtsak bilduko dira hainbat ekintzaren bidez, Güeñesko herritarrak sentsibilizatuz eta proiektuaren parte bihurtuz. Nolanahi ere, Gugaz Boluntako gazteak izango dira proiektua aurrera eramateko arduradunak, eta aktiboki parte hartuko dute antolatzen diren ekintza guztietan.

Aurreko aldietan bezala, proiektu solidario hau gazteek eginikoa eta gazteei zuzendutakoa izango da. Hau da, Güeñesko gazteek parte hartuko dute proiektuan, eta biltzen dituzten funtsen bidez, Aminata kultura-zentroaren baldintzak hobetuko dira, horren bidez Gandiol komunitateko eta inguruetako gazteen bizitza erraztuz.
Aurreko bi edizioetan, Gugaz Solidarioa proiektuaren bidez bildutakoa Gandioleko Taaru jaialdiaren gastuak ordaintzeko erabili zen; jaialdi hori urteko lehen hiru egunetan egiten da Aminata zentroan.
