skip to Main Content

Gueñesko Gazteria Zerbitzuko langileok (Gugaz) zuengana jotzen dugu jakinarazteko Gueñesko kirol taldeen eta kultura-elkarteen lankidetzari esker dugula ekimen hau. Xedea da Gueñesko kultura- eta kirol elkarteetako bazkideak diren gazteak TRUKEZekin saritzea, deskontuak izan ditzaten TRUKEZ programaren barruan proposatutako hainbat jardueratan parte hartzean.

Zer da TrukeZ programa?

Gazteria Zerbitzuak sortutako programa bat da, eta horren bidez sustatu nahi da udalerriko gazteek euren Zerbitzuak abiarazten dituen proposamen eta proiektuetan lankidetzan aritzea. Proposamenak askotarikoak dira: hainbat gairi buruzko informazio-hitzaldiak, kultur-arteko bidaiak, elkartasun-proiektuak eta boluntariotza-lana, erakusketak…

Jarduera horietan aktiboki parte hartzearen truke, gazteek hainbat TrukeZ jasotzen dituzte erakutsi duten interesa saritzeko. Horrek abantaila hirukoitza du:

  1. Merezimenduak pilatzen dituzte eta urteko jarduera garrantzitsuenetan plazak esleitzeko orduan lehentasuna izango dute.
  2. Familia-ekonomiarentzat laguntza bat da; izan ere, prezioa ezarrita duten jardueretan parte hartzen duten gazteek deskontuak izango dituzte.
  3. Lortutako TrukeZak aisia- eta kirol-jardueretan kanjeatu ahalko dituzte (deskontuak kiroldegian, instalazioen alokairuan, udal-ikastaroetan…).

Nola lagun dezakegu programan?

Elkarteak onartzen badu Gazteria Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea, zuek lan bakarra egin beharko zenukete, hau da, Gueñesen erroldatuta dagoen gaztea elkarteko kide dela dioen egiaztagiria egitea. Horretarako, bi aldeek sinatu beharko lukete agiria: batetik, elkarteko presidenteak (zigilua ere jarri behar da) eta, bestetik, gazte interesdunak. Horrez gain, elkartearen IFK eta izena agertu beharko dira.

Adingabea bada, adingabearen legezko ordezkariek ere (aita, ama edo tutorea) sinatu beharko dute agiri hori. *Ondoren, Sodupeko GazteGünean (Kadagua kalea z.g., Udaltzaingoaren bulegoaren ondoan) entregatu beharko dute agiria.

Zein da gazteek jasoko duten saria Gueñesko kultura- edo kirol-elkarte bateko kide izateagatik?

Gazte bakoitzak 10 TrukeZ jasoko ditu kultura edo kirol arloko elkarte bateko kide izateagatik. Gehienez ere 30 TrukeZ jaso ahalko ditu; hiru elkarteko kide izan beharko luke horretarako. Abantaila hori lortzeko, aurreko puntuan adierazitako helbidean aurkeztu beharko dute agiria, behar bezala beteta.

Gueñesko Gazteria Zerbitzuko langileok (Gugaz) udalerriko kultur- eta kirol-elkarteen eta -taldeen hazkundea eta sendotasuna sustatu nahi ditugu.

Beste alde batetik, uste dugu komenigarria dela gazteek euren eskura dituzten aisia-aukerak ezagutzea, eta horiek eskuratzeko aukera eman behar zaiela.

Back To Top
Search